EUSKAL KAZETARIEN ELKARTEA - KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOA

ALBISTEAK //

Haurduntza subrogatua; informazio-beharra errespetuzko eztabaidarako


 Jardunaldiaren irekiera-hitzaldiak izenburu hau izan zuen: 'Más allá del titular: Mitos y realidad de la gestación subrogada' (Titularretik harago: haurduntza subrogatuaren mitoak eta errealitatea); eta hizlaria eta bideratzailea, hurrenez hurren, Jesús Coterón, Kazetarien Euskal Elkargoko dekanoa eta Euskal Kazetarien Elkarteko presidentea, eta Amaia Goikoetxea, kazetaria eta Elkargoko dekanordea, izan ziren. Gaian adituak elkartu ziren hausnarketa egiten saiatzeko, aurreiritziak eta estereotipoak bazter utzita, informazioen zehaztasuna eta haurren babesa bermatzeko.


Bertaratutako berrogeita hamar bat lagunen aurrean, laguntza bidezko giza ugalketari lotutako arazo juridikoetan espezializatutako abokatu Ana Miramontes Roel andreak gogorarazi zuen haurduntza subrogatua 'Espainian ez dela ilegala, eta bertan ez dela, beraz, zigortzen edo zehatzen'. Zentzu horretan, Rocío Núñez Calonge andreak honako hau azpimarratu zuen: 'haurduntza subrogatua ez da laguntza bidezko beste ugalketa-teknika bat bakarrik'. Izan ere, Ugalkortasuneko Espainiako Sozietatearen Etika eta Praktika Kliniko Egokiko Taldeko lanaren koordinatzailearen iritziz, 'medikuaren aginduz erabil daiteke bakarrik'.


Bere aldetik, Xabier Madariaga kazetariak publikoari bere esperientzia azaldu zion, teknika horren bidez aita izan ondoren. Madariagak ohartarazi zuen sabel alokatuei buruz hitz egitea 'errespetu-falta bat' dela 'familia bat osatzeko ametsa' betetzeko asmotan teknika horretara jotzen duten pertsonekiko. Kontrapuntu gisa, EHUko Zuzenbide Fakultateko Guillermo Lazcozek zalantzan jarri zuen 'beste batentzat haurra sabelean hazten duen emakume bati konpentsazioa ematea eta eurentzako beren sabeletan gauza bera egiten dutenei ez'. Horrez gain, Beatriz San Román Sobrino kazetari eta psikologo sozialak sor daitezkeen abusu-egoerei buruzko hausnarketa egin zuen, eta egoera arautzearen alde egin zuen; betiere, 'eztabaidaren inguruko sumina eta polarizazioa gainditu ondoren'.


Jardunaldiak ia 2 ordu eta erdiko iraupena izan zuen, urte osoan zehar Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak Bilboko Udalaren laguntzarekin, eta kasu honetan, Espainiako Haurduntza Subrogaturako Elkartearen laguntzarekin, antolatzen dituzten jardunaldien esparruan, deialdi honetara bertaratutako kazetarien eta publikoaren galderek piztutako eztabaidari esker.

    

Kazetariak