EUSKAL KAZETARIEN ELKARTEA - KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOA

ALBISTEAK //

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak Fernando de la Hera fotokazetariari elkartasuna adierazten diote


Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak babes osoa adierazi nahi diete Fernando de la Hera fotokazetariari aurki aurre egin behar izango dion irain- eta kalumnia-delituen aurkako adiskidetze ekitaldia dela-eta. Salaketa 2018ko irailean Fernando erasotu zuen pertsonaren aldetik dator, argazkilaria Hondarribiako Alardeaz informatzen ari zela eta bere hedabide (El Diario Vasco) eta antolakuntzaz (Alarde Fundazioa) behar bezala akreditaturik zegoela.

AVP-EKE-k eta CVP-KEE-k uste dugu kazetaritzaren profesionalek lan egiteko berme guztiak eta edozein ekitaldira inolako arriskurik gabe bertaratzeko izan behar dituztela.  Lekuko gogaikarriak alde batera uztea helburu duen egoera honek, edozein hedabide erabilita egiazko komunikazioa emateko eta askatasunez jasotzeko konstituzio eskubidearen aurka doa, hiritargoaren oinarrizko eskubidea izanik, Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluak adierazten duen bezala. 

Onartezina da, bi erakundeen aburuz, oraindik, hedabideak eta bertako kide zein langileak ez errespetatzea beraien lana egiten ari direnean. Kazetarien lana, eta kazetari beraiek, gizarte demokratiko eta partehartzaile bat bermatzeko ezinbestekoak dira, eta biztanleen oinarrizko eskubideak bermatzeko behar-beharrezkoak: adierazpen askatasuna eta informazio askatasuna zein iritzi kritiko propioa eraikitzeko eskubidea.

Bi erakundeetatik gure laguntasuna adierazi eta Fernando de la Herarekiko errespetua eskatzen dugu. Bide batez, Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak euskal-instituzioei, eta bereziki, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, kazetaritzaren ogibidearekin konpromisoa eskatzen diegu eta komunikazio arloko lanetan ari diren kazetariak babesteko eta defendatzeko konpromisoa eskatzen diegu. Ezin da ahaztu kazetaritza dela edozein gizarte demokratikok behar duen zerbitzu publikoa eta erasotua izan den lankidea ertzainak zeuden gunean jasan zuela agresioa.


Kazetariak