EUSKAL KAZETARIEN ELKARTEA - KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOA

ALBISTEAK //

Kanaldude eta Ttap, 2019ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien irabazleak

  • Iñaki Elorza 'Txapas' ibilbideari ohorezko aipamen saria ere jaso zuen Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien XXXI. edizioan
  • Komunikazio Saria estreinekoz banatu zen eta finalistak ere izan ziren lehendabiziko aldiz
  • 338 pertsonek Rikardo Arregiren testuak irakurri zituzten egun osoan zehar 


Kanaldude eta Ttap aldizkariak izan dira 2019ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien irabazleak. Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Bastero Kulturgunean antolatutako ekitaldi nagusia pasa den azaroak 28 ospatu zen.

Kanaldudeko Hurbiletik saioko 2019ko uda arteko atalak Kazetaritza saria jaso zuen eta Ttap aldizkari digitalak, ordea, aurten berritasuna izan den Komunikazio saria. XXXI. edizio honetan emandak sari hauek 9.000 euroko diru-kopurua dute. Bi sari nagusi hauetaz gain, Iñaki Elorza 'Txapas' kazetariak ohorezko aipamen saria irabazi zuen, epaimahaiak «urte luzetako traiektoria baten errekonozimendua eta protagonistarenganako omenaldia dela» adierazi duenez.


Kazetaritza Saria

Behe Nafarroako mendialdeko bailara bateko bizi-taupadatik jaiota, dinamismo handiko internet bidezko telebista da egun Kanaldude telebista, Euskal Herriko errealitate askoren irudi-unibertsoa hamaika bazterretara zabaltzen dituena. Eskualde horretako berpizte ekonomikoarekin eta kulturalarekin ere konprometitutako hedabidea da Kanaldude. Telebista-atariaren saio interesgarri eta kalitatezko batzuen artean, 'Hurbiletik' programak taupada horietara hurbiltzen gaitu bereziki, aldi bakoitzean molde batez egindako erreportajeen bidez, beti ere tokikoa eta naziokoa den emaitza lortuz. 2019ko uda arteko ataletan bada hainbat erreportaje eredugarri, egunerokotasun handia duten gaiei buruzkoak horietako batzuk. Bat edo bestea aipatu beharrean, Hurbiletik saioko 2019ko uda arteko atal guztiak nabarmentzea hobetsi du epaimahaiak. Ana Galarraga, Miel Anjel Elustondo eta Jon Artano izan ziren finalista kategoria honetan.


Komunikazio Saria

Esan bezala, aurtengo berritasunetako bat Komunikazio Saria izan da. Rikardo Arregi sariaren XXXI. edizioaren oinarrietan honela dago jasota komunikazio sariaren atalean: 'euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailea direnek edo izan litezkeenek' Ttap aldizkariari beren-beregi egokitutako hitzak direla esan daiteke. Bera dugu Euskal Herriko euskarazko zein erdarazko lehen aldizkari digital multimedia, aztergai askotarikoak biltzen dituena. Formatu multimedia eta digitalera egokitzeko bidean (eskuko telefonoa, APP), euskarazko kazetaritzari esparru eta aukera berriak irekitzen dizkion proiektua da, elkarlanari ere zukua ateratzen diona, eta aro digitaleko esparru ugari uztartzen ditu: sare sozialak, blog formatoa, ikusentzunezkoak, webguneetara loturak, gif-ak, ilustrazioak, infografiak. Proiektu anbiziodun honek, 2018ko probaketen ondoren, 2019an eman ditu sendotzeko pauso erabakigarriak (besteak beste, edizio berriak, argitalpen bereziak, maiztasuna iraunkortzea...), eta sendotze hori da epaimahaiak azpimarratzen duena. 2019ko Korrikaren komunikazio kanpaina, CodeSyntax-en Egunean behin jokoa eta Oier Aranzabalen Barruan gaude podcasta izan dira kategoria berri honetan saria lortzear egon diren hiru finalista.


Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak Andoaingo udalak urtero antolatzen dituen sariak dira, Rikardo Arregi kazetariaren omenez. Lehen edizioa 1989an izan zen. Sarien helburua euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da.


Rikardo Arregi irakurtzen

Kazetaritza Sariak aparte, Andoaingo Udalak 'Rikardo Arregi irakurtzen' ekitaldia antolatu zuen Bastero plazan kazetariaren desagerpenaren 50. urteurrena gogoratzeko. Idazle eta pentsalari andoaindarrak idatzi zituen obren 8 orduko irakurketa saioa egin zen. 338 pertsonek hartu zuten parte, besteak beste, Rikardo Arregiren senideak, politikariak, kazetariak, sarien epaimahaikideak eta hiritar anonimoak. Euskal Kazetarien Elkarteak eta Elkargoa ere bertan izan zen.


Kazetariak