EUSKAL KAZETARIEN ELKARTEA - KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOA

ALBISTEAK //

Komikipedia: euskaraz argitaratu diren komikien datutegia


Komikien bidez adierazten diren sortzaile ugari daude gure herrian, eta ez dira gutxi euskaraz aritzen direnak. Bestalde, beste hizkuntzetan sortu ziren komikiak euskarara itzultzeko joera indartu da azken urteotan.

Urte bakoitzeko komiki uzta ezagutu nahi duenak ezin du soilik albumetara mugatu: euskarazko komikigintza prentsa eta aldizkarietan bizi bizi baitago (urtean lau aldiz kaleratzen den Xabiroi aldizkaria da adibiderik garbiena) eta baita interneten ere, eta H28ren ibilbidea amaitu den arren, paperaz aratago autore ugari sarean partekatzen ari baitira beraien lanak; badira ere orrialde kopuru murritzeko komikilan ederrak, jardunaldiak,hitzaldiak, komiki eta marrazkien zuzeneko sorkuntza ekimenak, erakusketak,komiki tailerrak...

Euskaraz komikien alorrean dagoen eskaintza guzti hori ezagutarazteko asmoa du Komikipediak. Hasiera batean azken hamarkadetan argitaratu diren komiki albumak zerrendatu nahi dituzte, eta album bakoitzak aukera emango digu autoreak, argitaletxeak, itzultzaileak... hobeto ezagutzeko. 

Etorkizunean, komikiaren inguruko Jardunaldi, Azoka,Lehiaketa, Dokumentazio Gune eta beste ekimen batzuei buruzko informazioa gehitzen joango dira.

Kazetariak