EUSKAL KAZETARIEN ELKARTEA - KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOA

ALBISTEAK //

Elkarbizitza bakean eraikitzeko ordua


Edozein kazetariren, eta are gehiago euskaldunak garenon, ametsetako albistea egi bihurtu zaigu. ETAk bere amaierako eta disoluziorako azken pausua eman du. Atzean geratzen da ia 60 urteko ibilbide luze eta gordina.

Gure historia markatu duten 60 urte. Nahi edo ez nahi, ezinbesteko fitxa da ETA gure historian. Ezin dugu ulertu gure gertuko historiaren testigantza Euskadi Ta Askatasuna erakundearen testuingururik gabe. Horrek guztia markatu du, eta horren ondorio da gaur eguneko Euskal Herriko gizartea, onerako edota txarrerako.

Sufrimendua, heriotza, erailketa, atentatu... eguneroko bilakatu zitzaizkigun. Etengabeko guda moduan, egunerokotasunean. Bizitza normala egiten genuen bitartean hor, ezkutuan edota bigarren planoan, zegoena. Horrekin bizitzen ikasi genuen.

Kazetaritzaren ikuspegitik urte gogorrak izan dira. Informazioa eta kazetarien lana mugatzen eta isilarazten saiatu zen talde armatua. Kazetarien hiletak ezagutu ditugu gure herrialdearen egoeraren ondorio, baita atzerriratu behar izan dituztenen testigantzak edo ondorioekin bizi direnak.

Egun aurrera begiratzeko parada dugu; etorkizunera begira jarri, eta nolakoa nahi dugun erabaki eta eraikitzeko unea. Bakean eta errespetuan oinarritutako elkarbizitza sustatu behar dugu. Zauriak ixten joateko lehen pauso garrantzitsua da bizi izan duguna, baina ez pentsa hor amaitu dela.

Orain hasten da ibilbidea. Zauri guztiak ixteko asko dugu egiteko. 60 urte hauetan indarkeria erabili duten guztien esfortzua ezinbestekoa da. Gertatutakoa gertatu behar ez zela aitortu behar dute alde guztiek. ETAk eman du bere pausoa, baina ez da bakarra. Sigla gehiago izan dira borroka horretan: GAL, BVE, AAA, ATE, ANE... Normaltasunerako giroa nabaritu behar dugu orain, gizarte demokratikoaren onerako, guztion onerako.

ETA aitzakiatzat hartuta pentsaezinak zirenak ere egin dira, eta Estatuarenen eta polizia indarkeriaren ondorioak ere bizi izan ditugu gertutik. Burura datorkit 'guztia da ETA' esaldia eta horren haritik EGIN eta EGUNKARIAREN itxiera, bertakoei tortura eta mehatxuak... Proiektu zapuztuak. Guztiak dira biktima, izan dira eta izango dira.

Orain hasten da bidea; guztiak errekonozitu, zintzotasunez jokatu, eta alde guztietakoen artean elkarbizitza baketsua eraikitzeko.

Heldu dezagun aukera hau eta ekin diezagun emankorra izango den etorkizun batera. Konplexurik gabe, mehatsuei eutsi gabe, elkar barkatuz eta elkar onartuz. Bada garaia.

Alex Silva