EUSKAL KAZETARIEN ELKARTEA - KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOA

ALBISTEAK //

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak Antxeta Irratiari eta bere kazetariei babes osoa adierazi nahi diete Hondarribiako Alardean jasandako agresioagatik


Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak babes osoa adierazi nahi diete Antxeta Irratiari eta bertako kazetari eta kide guztiei larunbatean Alardearen berri ematen ari zen lankideak Alarden Baztertzailearen fanatiko baten esku jasandako erasoagatik. Kazetaria alardearen berri ematen ari zela Alarde Baztertzailearen defendatzaile bat gerturatu eta irainen artean kazetariari bere eskuetatik lanerako tresna den mugikorra kendu eta lurrera bota zion.


Beste hedabide batzuetako zenbait lankidek ere hala nola, Berria, EiTB edota Diario Vascok jasan izan zituzten erasoak publikoaren aldetik: kamarak estali, bultzatu, iraindu, lanerako materiala kentzen saiatu edota lana ongi egitea ekidin. 


Onartezina da, bi erakundeen aburuz, oraindik, hedabideak eta bertako kide zein langileak ez errespetatzea beraien lana egiten ari direnean. Kazetarien lana, eta kazetari beraiek, gizarte demokratiko eta partehartzaile bat bermatzeko ezinbestekoak dira, eta biztanleen oinarrizko eskubideak bermatzeko behar-beharrezkoak: adierazpen askatasuna eta informazio askatasuna zein iritzi kritiko propioa eraikitzeko eskubidea.


 Bi erakundeetatik kazetariei gure laguntasuna adierazten diegu eta beraiekiko errespetua eskatzen dugu. Bide batez, Kazetarien Euskal Elkargoak eta Elkarteak euskal-instituzioei, eta bereziki, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, kazetaritzaren ogibidearekin konpromisoa eskatzen diegu eta komunikazio arloko lanetan ari diren kazetariak babesteko eta defendatzeko konpromisoa eskatzen diegu. Ezin da ahaztu kazetaritza dela edozein gizarte demokratikok behar duen zerbitzu publikoa eta erasotua izan den lankidea ehunka ertzaintza agente zeuden gunean jasan duela agresioa.

Kazetariak