Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Israelek 155 kazetari hil ditu Palestinan eta Libanon

Por Urtzi Urkizu.

Mugarik Gabeko Kazetariek urteko txostena aurkeztu dute. Jakinarazi dutenez, azken urtean hil dituzten kazetarien %57 gatazka armatuen biktima izan dira. Bestalde, munduan 550 kazetari daude espetxeratuta.

«Kazetariak ez dira hiltzen, erail egiten dituzte». Hitz horiek erabili ditu Thibaut Bruttin Mugarik Gabeko Kazetarien zuzendari nagusiak, urteko txostena aurkeztean. «Hiltzea ezin da arrisku faktore izan kazetari lanetan ari direnentzat». Salatu du kazetarien aurkako krimenak sarriegi gelditzen direla zigortu gabe. Gatazka armatuak dauden herrialdeetan kazetari asko hil dituzte aurten: datua azkeneko bost urteetako handiena da.

2023ko urritik gaur arte, Israelgo Armadak Palestinako eta Libanoko 155 kazetari hil ditu. Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, bestalde, kartzelan kazetari gehien duten herrialdeak Txina, Birmania eta Israel dira. 2024an, munduan 54 kazetari hil dituzte kazetaritza lanetan ari zirela —abenduaren 1era artekoak zenbatu dituzte—. Ekialde Hurbilean hil dute kazetari gehien, eta, ondotik, Pakistanen: zazpi kazetari hil dituzte lanean ari zirela; Bangladeshen, beste bost. Uztailean herrialde horretan izandako manifestazioen berri ematen ari zirela hil zituzten bost kazetari horiek.

Amerikan, Mexiko da kazetarientzako herrialderik arriskutsuena azkeneko urteetan: aurten bost kazetari hil dituzte, iaz baino bat gehiago. Kolonbian bi kazetari hil dituzte, eta Hondurasen beste bat.

Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, gerran dauden herrialdeetan kazetari gehiago hil dituzte aurten, aurreko urteetan baino. Ekialde Hurbileko egoera da larriena, baina ohartarazi dute kazetarien egoera oso larria dela Ukrainan, Myanmarren, Sudanen eta Iraken ere. Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak, bestalde, lau salaketa jarri ditu Nazioarteko Zigor Auzitegian, Israelek kazetarien aurka egindako gerra krimenengatik. Elkarteak eskatu dio kazetarien aurka egindako krimenak gerra krimentzat har ditzala Palestinaren inguruan egiten ari den ikerketan.

Desagertuak 

Hildako eta kartzelatutako kazetariez gain, nabarmentzekoa da azkeneko urteetan desagertu diren kazetarien kopurua ere. Mugarik Gabeko Kazetariek emandako datuaren arabera, ehun kazetari inguru desagertuta daude —horietatik %30 baino gehiago Mexikokoak dira—. Azkeneko hilabeteetan, bestalde, lau kazetari desagertu dira: Fabiola Tercero, Nikaraguan; Alain Traore, Burkina Fason; Zhana Kiselova, Errusian; eta Hanin Gebran, Sirian. «Desagertze horien arrazoien artean dago inpunitatea, baina baita kazetariak babesteko mekanismoen gabeziak ere. Latinoamerikan, esaterako, prentsa askatasuna bermatzeko legeak indartu beharko lirateke», diote Mugarik Gabeko Kazetariek.

Nikaraguako egoera kezkagarritzat jo du Mugarik Gabeko Kazetarien Espainiako adarreko presidente Alfonso Bauluzek: «Nikaraguan jada ez dago kazetaritzarik; nikaraguarrek erbestean egiten dute kazetaritza».

Sirian, bestalde, testuinguru politikoa aldatu egin da berriki. Baina azkeneko urteak oso-oso gogorrak izan dira kazetarientzat han: 2011. urtetik hona, 283 kazetari hil dituzte. Mugarik Gabeko Kazetariek adierazi dute datu horri gaineratu behar zaizkiela espetxeratutako, torturatutako eta jazarritako kazetarienak. Munduan bahituta dauden kazetarien %70 inguru Sirian bahitu dituzte. Yemenen, bestalde, beste bi kazetari bahitu dituzte aurten.

Kazetari presoen kopurua, gorantz

Mugarik Gabeko Kazetarien txostenaren arabera, aurten %7,2 handitu da kartzeletan preso dauden kazetarien kopurua. Errusiak zortzi kazetari espetxeratu ditu, eta Israelek, berriz, hamazazpi. Gaur egun, Txinako 124 kazetari daude preso —horietatik 11 Hong Kongen daude—; Myanmarren, 61 kazetari daude espetxeratuta; Israelen, 41; Bielorrusian, 40; Errusian, 38; Vietnamen, beste 38; Iranen, 26, eta Sirian, 23.

Prentsa askatasunaren aurkako eraso ugari gertatu dira aurten: kasurako, Sandra Muhoza kazetariari hamabi urteko kartzela zigorra jarri diote Burundin, kazetari talde batean Whatsappeko mezu bat zabaltzeagatik. Horrez gain, Kirgizistanen 11 ikerketa kazetari atxilotu dituzte, ustelkeriarekin lotutako auziak ikertzeagatik —horietatik lau zigortu egin dituzte—, eta Kamerunen, CRTV telebista publikoko zuzendari ohi Amadou Vamoulkek zortzi urte daramatza preso, eta beste 32 urtez luzatu diote zigorra. Funts publikoak bidegabe erabiltzea leporatzen diote.