Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Jabego pribatuaren ipuina

Por Julen Goñi

“Nik ez dakit gauza asko, egia da,

baina ipuin guztiekin lokartu naute …

eta ipuin guztiak dakizkit.” León Felipe

Gure haurtzarotik (ez dut “samurra” esaten haurtzaro asko izugarriak direlako), jabetza pribatuaren ipuina kontatu digute. Liberalismo ekonomikoa, hau da, kapitalismoaren defendatzaileak diren Adam Smith edo F. Hayek bezalako pentsalariek naturala dela eta edozeren gainetik (bizitza barne) defendatu behar dela  esan digute. Horregatik, legeak egiten dituztenek (hauek ez dira ezer ez dutenak, noski), munduko konstituzio gehienetan eta baita Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eskubidetzat hartua izateko tematu dira. Baina edozer justizia eskaera lortzeko aipatzen diren Giza Eskubideek kontraesan nabaria dute bere barnean, zeren jabetza pribatua baldintzarik gabeko eskubide bihurtzea, 17. Artikuluak biltzen duen bezala, bateraezina da garrantzitsuena den lehen artikuluarekin, zeinak hau dio: «Gizaki guztiak aske jaiotzen dira, duintasunean eta eskubideetan berdinak, eta, arrazoimenez eta kontzientziaz horniturik, anaitasunez jokatu behar dute elkarren artean». Jabetza pribatuaren existentziak bideraezinak egiten ditu hala askatasuna nola berdintasuna eta, ondorioz, baita duintasuna ere.

Smith-ek kapitalismo modernoaren fundazioaren agiria den “Nazioen aberastasuna” idatzi zuenetik igaro diren 250 urteek erakusten digute agintzen zuena ez dela gertatu, hots, “esku ikusezina” delakoak lortuko zuen merkatuaren autorregulazioa eta gizartearen ongizatea; aldrebes baizik, gertatu dena izan da aberastasun pilaketa esku gutxiagotan eta alde ekonomikoak handitzea eskandaluzko muga ez-moraleraino.

Esan gabe doa, beraz, jabetza pribatua kapitalismoaren funtsa dela, eta hori gabe eraikin ekonomiko eta ideologiko osoa eroriko litzatekeela. Hala ere, bere izaera «naturalari» buruzko ipuina horixe da, ipuina defendatzen dutenek mendeak daramatzatela jabetzarik ez duen gizateria, gehien-gehienak, engainatzen. Izan ere, homo generoaren hasieran, duela ia hiru milioi urte, giza taldeek lurraren eta ehizatzen edo arrantzatzen zuten animalien jabetza komunaren arabera gobernatzen zuten, eta nekazaritzaren etorrerak, duela 10.000 urte inguru, nomadismoaren munduko eremu zabaletan desagertzea ekarri zuen, hesitutako lur-eremuak sortzea bultzatzen duena, nahiz eta, hori bai, familiari, tribuari edo etniari lotutako komunitatearen usufruktukoak izan. Beraz, ezin da inola ere esan jabetza pribatua naturala denik, eta hori erakusten dute, halaber, jabetza komunala, kolektiboa edo usufruktuan zuten bost kontinenteetako zibilizazioek (Maiak, Inkak…), gizarteek (Australiako aborigenak, Afrikako boskimanoak…) eta herriek (Akawaio, Ovahimba…), hau da, ez dute zerikusirik ipuin kapitalistak kontatzen duenarekin.

Bestalde, ipuinean ez dira bereizten erabiltzen eta kontsumitzen dugun jabetza pribatua (etxea, janaria edo erabiltzeko gauzak…) besteren lanaren bidez lortzen den jabetzarekin (enpresen, lur edota bankaren jabeen onurak, adibidez. Lehenengo jabetzak ez du zapalkuntza eragiten, bigarrenak, bai. Ondorioz, ez dago jabetza pribatu mota bakar bat ere, ipuinak kontatzen duen bezala, eta jabetza pribatu guztiak ere ez dira arbuiagarriak.

Azken egun hauetan, non etxebizitza eskuratzearen aldeko mobilizazioek enpresariei, talde kapitalistei, orohar, eta haien ordezkari politikoei (PP,VOX eta Junts, estatu mailan, batez ere) egonezina sortarazi dieten, hauek, erantzuteko edo, jabetza pribatuaren ipuinera jo dute berriro jendea etxegabetzeko eta alokairuen prezioa jende askorentzat buru gainean duen gillotina bilaka dadila justifikatzeko, zeren, haien arabera, jabetza duena askea da nahi duena kobratzeko. Alferrik itxarongo dute bidegabekeria horiek jasaten dituztenek «esku ikusezina» laguntzera etor dadin, ipuin bat ere badelako. Jakina, etxebizitza kapitala bereganatzen duen aberastasunaren pastelaren zati bat baino ez da, baina ez bakarra: osasuna, hezkuntza, zerbitzuak, garraioak, energia, komunikabideak, banka, eta abar, bizi garen mundua, azken batean, pastel horren beste hainbeste zati dira, horietako asko dohainik edo diru-kopuru barregarrien truke emandakoak, gobernatzen gaituztenek edo gobernatu dutenek, ipuin honen aitzakiarekin:  betiere komunitateari zerbitzu hobea ematen diotela eta, batez ere, jabetza pribatua irmo defendatu behar dela.

Ez gaitzatela ipuinekin lokartu!

Julen Goñi. Filosofiako katedraduna