Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Aintzane Bolinagari emango diote Euskal Kazetariak saria

Por Urtzi Urkizu (Berria).

Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria Palestinako kazetariei emango die Euskal Kazetarien Elkargoko epaimahaiak.

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak 2024ko Euskal Kazetaritza sariak zein izango diren jakinarazi du, eta Euskal Kazetariak saria Aintzane Bolinaga EITBko kazetariari ematea erabaki du. Euskal Herriko Unibertsitatean kazetaritzako lizentziaduna da Bolinaga, eta Euskal Irrati Telebistan egin du bere ibilbide profesionala. 2017. urtean, ETBko Gaur egun eta Teleberri albistegietako editore izendatu zuten. Iaz, Silvia Intxaurrondo TVEko kazetariak jaso zuen sari hori.

Adierazpen Askatasunaren Jose Maria Portell saria Gazan lanean ari diren Palestinako kazetariei emango diete. Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, Israelen erasoen eraginez, 150 kazetari baino gehiago hil dituzte.

Txema Soria kazetariari Ibilbide Profesionalaren Saria emango diote. Azkeneko 26 urteetan El Correo egunkarian egin du lan Soriak, eta duela gutxi erretiroa hartu du.

Gizarte Pertsonaia edo Erakunde saria aurten Aita Mari elkarteari emango diote, «bere altruismoa eta gizarte lana aitortzeko». 

Kazetaritza Digitala saria Miriam Duque kazetariari emango diote, Radio Euskadin zuzentzen eta aurkezten duen Ganbara negra podcastarengatik.

Juantxu Rodriguez Fotokazetaritza saria Isabel Azkarate Morera argazkilariak jasoko du. Euskal Herrian fotokazetaritzan hasi zen lehen emakumeetako bat izan zen Azkarate.

Ingurumen Kazetaritza saria Jokin Aldazabal kazetariari emango diote. Euskadi Irratiko Ekosfera irratsaioko arduraduna izandakoa da Aldazabal, eta hainbat urtez landu ditu ingurumenarekin lotutako gaiak.

Ohorezko Sariarekin Euskal Kazetarien Elkargoak lanbide barnean esanguratsua den pertsona baten ondarea, ibilbide profesionala eta kalitate pertsonal eta intelektuala aitortzen dute. Aurten, Xabier Sanchez Erauskin eta Alejandro Etxebarria goraipatuko dituzte Ohorezko Sariarekin. Sanchez Erauskin Egin egunkariko sortzaileetako bat izan zen, baita erredaktoreburua ere. Etxebarria, berriz, Vocento komunikazio taldeko kontseilari eta Mediaset Españako presidentea izan zen —otsailaren 19an hil zen—.

Sariak banatzeko ekitaldia Bilbon egingo dute, azaroaren 5ean, BBK aretoan.

(https://www.berria.eus/komunikazioa/aintzane-bolinagari-emango-diote-euskal-kazetariak-saria_2132226_102.html)