Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Nongoa zara?

Jaiotzen garenetik hil arte, omen, gure izatea etengabe zehazten/mugatzen dute. Askoz zabalagoa litzateke gure izatea “abizenik” gabe, hots, zehaztapenik gabe. Ez dakit instintuen eraginagatik den edo gizarteak artifizialki sortutakoa, baina garbi dagoena da gure joera hori dela, hau da, zehazterako joera. Eta zehaztasun bakoitzak bereizketa eta, batera, taldeak sortzen ditu. Zehaztasun hori dutenek talde bat sortuko dute eta zehaztasun horren barruan sartzen ez direnak kanpoan geratzen dira, beste taldekoak izatera pasatuz. 

Izenburuan agertzen den galdera zehaztasun mota bat litzateke, itxuraz sinple, arrunta, gardena, ideologiarik gabekoa, edonork erabiltzen duena eta bigarren esanahirik gabekoa dirudiena…

Ba, ez! Zehazteko galdera gehienak bezala, maltzurra, hautatzailea, sailkatzailea, ideologia baztertzaileak sortutakoa da.

Litekeena al da zauden tokikoa ez izatea? Ez. Izatea bakarrik orainaldian izan daiteke; beraz, galdera horrek ez du zentzurik, zeren eta erantzun posible bakarra da “hemengoa naiz”. Ez iraganean ezta etorkizunean ere ez gara, eta ondorioz, galdera hori egitean ezagutu nahi duguna jakingo genuke aldez aurretik eta erretorikoa izango litzateke, informazioa lortzerik emango ez duena.

Beraz, zer da galdera horrek izkutatzen duena edo, hobe esanda, zergatik egiten dugu galdera hori?

-“Garbi dago, mutil, honekin jakin nahi dena da non jaio den pertsona bat, besterik gabe” -esango didate gehienek-.

Baina ez da besterik gabe, zoritxarrez: jaio garen lekuak/herriak gure izatea eratzen duelako ustea barneratuta dugu, kontziente edo inkontzienteki, hau da, uste dugu jaioterria baino askoz gehiago jakitea lortuko dugula galdera hori egitean. Eta oker galanta hori aurreiritziak sortua da, beste aurreiritzi askoren iturria delarik. Izan ere, norbait ezagutu ezean bere jaioterria ezagutzeak nor (eta nolakoa) izan daitekeen baieztatzera garamatza.

Horregatik, hain zuzen, askotan modu ezberdinez erantzuten zaio galdera horri, segun nor den galdetzen duena. Aurreiritziak “hurbil” kokatzen badu galdera egiten duena, jaioterria edo hiria aipatzen da; urrutiago kokatzen badu, eskualde; urrutiago bada, autonomia; eta urrutiago bada, askenik, estatua. Eta botere jokoan sartzen gara maiz, zeren eta segun zein den galdetzen duenaren maila soziala jaiolekua edo bizilekua aipatzen da, ezberdinak badira noski, edo biak, baina lehentasuna haietariko bati emanez. Horrela, “Madrilen bizi naiz, baina jaiotzez Mañerukoa naiz” esatetik, “Madrilekoa naiz” esatera pasa daiteke, uste baita jaioterriak eragina daukala besteekiko erlazioetan.

Eta, ziur aski, egia da jaioterriak baldintzatzen duela aurrean dugun lagunaren mailaketa. Zoritxarrez, jaioterriari ematen zaion garrantzia errealitatean gertatzen denarekin lotuta dago. Hain zuzen ere, hiri handietan jaiotzeak edo bizitzeak bertan bizi diren lagunei nolabaiteko handikeria ematen die, dituzten gaitasunak hirien tamainarekin konfundituz.

Aurrekoa, baina, ez da lengoaiaren tranpa bakarra. Hasieran esan bezala, jaiotzen garenetik gure izateari zehaztasunak (mugak) jartzen zaizkio eta muga bakoitza indibidualtasuna azpimarratzeko egina dago, besteengandik bereizteko eta banatzeko alegia. Gramatikan, izenondoak deitzen dira muga horiek. Benetan, izenondo mota batek bakarrik balio beharko luke pertsonak zuzentasunez bereizteko: izenondo moralak, alegia. Beste gainerakoak bereizteko baino banatzeko eginak daude. Hasten da izenarekin, zeinak gizon edo emakumea garela adierazten duen; geroago, kasu gehienetan, batailatuta gara beste erlijioetatik bereizteko; hurrengoa, erregistro zibilean inskribatzen gaituzte eta horrela hiritartasunaren parte bihurtzen gara, hots, “hemengoak” izatera pasatzen gara kanpotarretatik bereizteko. Eta hori guztia guk kontzienteki parte hartu gabe, besteek gure ordez egiten baitute.

Lengoaiak errealitatea adierazteaz gain aurreiritziak ere agerian uzten ditu. Idatzi honen hasierako galderaren bidez aurrean dugun laguna kokatzen dugu berari buruz ezer gehiago jakin gabe. Aipatzen duen tokiak (“nongoa zara” galderari erantzuten diona) gutarra den edo ez adierazten du eta, ez hori bakarrik, segun eta zein den toki hori barneratuta ditugun tokien hierarkian sailkatzen dugu. Izan ere, tokiaren bidez lehen mundukoa den edo ez, zer nolako kultura daukan, herrikoa edo hiritarra den, eta abar… Eta horren arabera gure jarrera egokituko da, modu berdinean edo ezberdinean tratatuko dugularik.

Zaila da, ditugun ohiturak kontuan izanda, aurreiritzirik gabeko ezagutza izatea giza erlazioetan, eta erronka ederra dugu gure aurrean hori lortzeko. Horregatik oso inportantea da lengoaiaren mekanismoek nola funtzionatzen duten jakitea bere tranpetan ez erortzeko. Erronka horrek gure ahalegina merezi duelakoan nago.

Julen Goñi