Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Podkasta: Xaukena Xauk



AURKIBIDEA

  1. Xaukena Xauk
    Txosten honek gradu amaierako lan gisa garatu dudan proiektua aurkezten du, eta haren
    gauzatzearen eta emaitzen ikuspegi zehatza. Era berean, sortze-prozesuaren etapak azaldu eta
    podkastaren funtsezko alderdiak nabarmenduko dira.
    1.1. Zer da Xaukena Xauk podkasta?
    Xaukena Xauk gaurkotasuna, musika eta umorea uztartzen dituen podkasta da. Atal
    bakoitzean, gaurkotasuneko gai esanguratsu batean murgiltzen gara aktore gonbidatu berezi
    baten eskutik. Gonbidatu horrek, hain zuzen, gaiarekin lotutako pertsonaia dibertigarri bat
    antzeztuko du.
    Gazteek independizatzeko dituzten zailtasunetatik hasi eta aro digitalean ligatzeko modu
    berrietaraino, fake news-en sentsazionalismotik pasatuz, gaurkotasuna hainbat ikuspegitatik
    aztertzen dugu. Gainera, atal bakoitza kantu parodia batekin ixten dugu, landutako gaiaren
    espiritua modu originalean islatzen duena.
    Xaukena Xauk-ek, laburbilduz, entzuleak aldi berean hausnartu eta dibertitzera gonbidatzen
    ditu. Kapituluetan zehar, umorea ardatz izanik, aktualitatea musikal bihurtuko dugu.
    Hiru kapituluak, txostenaren amaieran daude eskuragarri (1. eranskina).
    1.2. Proiektuaren testuingurua
    Lehenik eta behin, uste dut garrantzitsua dela azpimarratzea komunikatzaile gisa dudan
    prestakuntzaz gain aktorea naizela. Urte hauetan, aktore lanak nire ikasketekin uztartzen aritu
    naiz. Gradu amaierako lan gisa podkasta egitea aukeratu nuenetik, argi nuen alderdi
    komunikatiboa eta interpretatiboa uztartu nahi nituela.
    Antzerki musikalen zalea izanik, nire gradu amaierako lanaren beste zati garrantzitsu bat
    abestiak txertatzea izango zela erabaki nuen, gaurkotasuna kontatzeko eta kritikatzeko.
    Horrela, proiektua ikuspegi pertsonaletik garatu zen, nire nortasuna eta gustuak islatuz.
    Xaukena Xauk ez da podkast bat bakarrik, baizik eta nire interes eta trebetasunen hedapen
    bat, komunikazioa, interpretazioa eta musika formatu bakar batean batzen dituena.

    Txiki-txikitatik Andreu Buenafuenteren eta Berto Romeroren jarraitzaile leiala izan naiz, eta,
    zalantzarik gabe, haren eragina presente dago podkast honen formatuan. Bertoren pertsonaia
    karikatureskoak (“Chicote” edo “Pepe el Zombie”, adibidez) eta Silvia Abrilek antzeztutako
    “la Niña de Shrek”, inspirazio iturri bikaina izan dira egin dudan sorkuntzan. Beraz, nire
    proiektua podkasta bada ere, telebistako erreferentzia argiak ditu.
    Xaukena Xauk-en alderdi musikala, Eva Sorianoren Showriano bezalako egungo programetan
    oinarrituta dago, non programaren gaian oinarritutako parodia abestiak sortzen diren. Hala
    ere, nire formatuko abestien letrek eta umore motak nire inspiraziorik sakonena islatzen dute,
    nire haurtzarotik datorrena, Euskal Herrian kalitatezko euskarazko umorezko saioez gozatzen
    genuenean: Wazemank.
    Testuinguru pertsonal honetan sortu izan da nik egindako saioa. Elementu horiek guztiak
    koktel-ontzi batean sartu eta ondo nahasten baditugu, emaitza Xaukena Xauk da.
    1.3. Formatua: podkasta
    Podkasta audio-artxiboak sortzeko eta banatzeko tresna modernoa da, entzuleei edozein toki
    eta unetan edukia eskuratzeko aukera ematen diena. Gaur egun berehalakotasunerako joera
    dagoen arren, podkastek arrakasta nabarmena lortu dute, eduki luze eta zehatzak
    biltegiratzeko eta eskaintzeko duten gaitasunari esker (Behategia, 2024).
    Coelloren arabera (2022), 2019an milioi bat podkast zeuden eskuragarri mundu osoan;
    2022an, ordea, Spotify-ren katalogoan 3,2 milioi zeuden. Hazkunde hori, neurri handi batean,
    teknologiaren eta sareen aurrerapenagatik izan zen, baita COVID-19ak eragindako
    itxialdiagatik ere.
    “Euskal Hedabideen Urtekaria 2023-2024”-k (Behategia, 2024) ekosistema mediatiko
    digitalari buruzko ikuspegi globalari buruzko atalean adierazi duen bezala, podkastaren
    kontsumoak iazko zifretan jarraitzen du: aztertuen % 34k hilean behin, gutxienez, saioren bat
    entzuten du. Txostenak, halaber, hainbat hedabidetarako egunero kontsumitzen den batez
    besteko denborari buruzko datuak ematen ditu. Erabiltzaileek 49 minutu ematen dituzte
    egunero podkastak entzuten, eta horrek erakusten du formatu honek presentzia esanguratsua
    eta etengabea duela kontsumitzaileen eguneroko errutinan.
    Azken urteotan, podkasten munduak arrakasta handia izan du, eta euskarara ere iritsi da joera
    hori. Euskadiko podkasten egoerara hurbilduz, podkastingaren hazkunde hori iaz izandako bi
    ekitaldi garrantzitsuetan islatzen da: “Parentesi” jaialdia, martxoaren hasieran Donostian egin
    zena, eta “Euskal Pod” jardunaldia, apirilean Bilbon egin zena (Behategia, 2024).
    Xaukena Xauk-ek euskarazko kontsumoa herritarrengana hurbildu nahi duela kontuan hartuta,
    bereziki unibertsitarioengana, funtsezkoa da talde honen egungo egoera aztertzea.
    Ikusiker-ek, ikus-entzunezkoen behategia denak, “Unibertsitateko panela, musika, irratia eta
    podcastak 2023-2024” (2024) txostena argitaratu du. Bertan, UPV/EHUko eta
    UPNA/NUPeko ikasleek 2024ko martxoaren 11ko astean egindako inkesta baten emaitzak
    aztertzen dira. Emaitzen arabera, gazteen podkast-kontsumoaren maiztasuna txikia da.
    Inkestatuen % 37k ez dituzte inoiz entzuten, eta % 27k hilean behin baino ez. Ikasleen % 6kbakarrik onartzen du egunero entzuten dituela. Podkasten merkatuak hazkunde nabarmena
    izan du azken urteotan, eta askotariko gaiak daude eskuragarri. Podkasten entzuleen artean
    (% 63), elkarrizketa-formatua da ezagunena, kontsumitzaileen % 52,38k nahiago baitute.
    Digitalizazioak edukien eramangarritasuna erraztu du. Horren ondorioz, mugikorra da
    ikasleek (% 63) podkastak kontsumitzeko gailu nagusia, podkast entzuleen % 74,6 izanik.
    Laburbilduz, UPV/EHUko unibertsitarioen eta UPNA/NUPren arteko podkast-kontsumoa
    irregularra bada ere, jarraitzaile ugari ditu.
    Azkenik, «Euskal Hedabideen Urtekaria 2022-2023» txostenean (Behategia, 2023)
    planteatutako hausnarketa partekatu nahi nuke, garrantzitsua eta nabarmentzeko modukoa
    iruditzen baitzait. Txostenak ingurune digitalean euskarazko ikus-entzunezko edukien
    presentzia ziurtatzearen garrantzia azpimarratzen du, baita online eskuragarri dauden film eta
    telesailetan inbertitzeko premia ere, horien kontsumoa monitorizatzeaz gain.
    Euskarazko edukien defentsa-ildo horri jarraituz, nire proiektua, Xaukena Xauk, ez da
    audioaren esparrura mugatzen, ikusizko osagaia ere barne hartzen du. Izan ere, bideo-podkast
    bat da. Adierazi berri dudan testuinguru honetan, Xaukena Xauk-ek jarraitzaile berriak
    erakarri eta podkastaren kontsumoa sustatu nahi du, entretenimendu modu gisa.

    1.4. Aldarrikatu nahi dena
    Xaukena Xauk proiektua kritika sozialaren boterea aldarrikatzeko asmo irmoarekin sortu dut,
    umorearekin bat eginda, musikaren bidez, adierazpen-bide gisa. Ekimen honen funtsa gai
    garrantzitsuei modu interpretatiboan heltzeko gaitasunean datza, artea inguruan dugun
    errealitateari buruz hausnartzeko tresna gisa erabiliz. Atal bakoitzean gonbidatutako
    pertsonaiak funtsezko elementuak dira prozesu honetan, jorratzen den gaiaren muturra
    adierazten baitute. Gonbidatuen parte-hartzeak ikuspegi berezia eta askotan karikaturazkoa
    ematen du, eta, horrela, landutako gaiaren alderdi garrantzitsuenetan sakontzeko aukera
    ematen du.
    Aktore gisa izan dudan ibilbidea eta antzerki musikalarekiko dudan maitasun sakona
    funtsezko zutabeak izan dira Xaukena Xauk-en garapenean. Nire esperientzia pertsonaletik,
    betidanik entzun izan dut musikalak istorio erromantiko hutsak direla esaten dutenen iritzia,
    sakontasun eta garrantzi sozialik gabeak. Ideia horrek, askotan antzerki musikala
    «beheragoko artetzat» hartzera eramaten duenak, ez du islatzen adierazpide horrek eskain
    dezakeen konplexutasuna eta aniztasuna. Niretzat, musikal arrakastatsu batek, kantuan,
    dantzan eta interpretazioan ezin hobeak diren trebetasun teknikoak eskatzen ditu; hau da,
    funtsezkoa da hiru diziplinak modu harmoniatsuan uztartzea.
    Nire ikuspegitik, antzerki musikalak gai sorta zabal bati heltzeko eta mezu sakon eta
    garrantzitsuak transmititzeko ahalmena du. Musikaren, dantzaren eta interpretazioaren bidez,
    gai sozial, politiko eta historikoak modu baliagarri batean azter daitezke. Ildo horretan, bat
    nator Natalia Milanek El País-erako egindako elkarrizketan (Fernández, 2023) adierazitako
    ikuspegiarekin. Bertan, testu-antzerkiaren eta musikalaren arteko hesia eraistearen garrantzia
    nabarmentzen da. Bi forma artistikoek funtzio sozial eta errebindikatiboa betetzeko ahalmena
    dute, eta gai konplexuak eta premiazkoak ere modu zirraragarrian lantzeko gai dira. “Oso
    gauza indartsuak kontatzen dizkiguten musikalen adibideak ditugu; adibidez, Cabaret,
    nazismoa Europara, Alemaniara, iritsi zela kontatzen ari zitzaiguna”, adierazten du Milanek.
    Unibertsitatean eta, oro har, bizitzan uneoro bultzatzen gaituzte etengabe hazteko eta
    hedatzeko ahalmena duten proiektuei ekitera. Beraz, hasiera batean, podkasta gaztelaniaz
    garatzea izango zen logikoena, hizkuntza horrek eskaintzen duen entzule potentziala
    handiagoa dela eta. Hala ere, uste dut proiektu guztiak ez direla neurtu behar etekin
    ekonomikoak sortzeko duten gaitasunaren arabera soilik.
    Nire ustez, formatu batzuek berezko balioa dute finantza-errentagarritasunetik harago, eta
    proiektu horiek sustatu eta babestu egin behar dira. Bereziki euskararen kasuan, uste dut
    funtsezkoa dela edukiak sustatzea eta garatzea, ez bakarrik gure kultura eta nortasuna
    zaintzeko modu gisa, baita gure gizartearen imajinario kolektiboa aberasteko modu gisa ere.
    Euskarazko edukia sortzea, podkasten, telebista-programen edo beste edozein bitartekoren
    bidez, lagungarria da gure herriko kultura- eta hizkuntza-ehuna indartzeko. Gainera, euskaraz
    hitz egiten duten pertsonei beren hizkuntzan adierazteko eta entretenitzeko espazioak
    aurkitzeko aukera ematen die, eta hori funtsezkoa da garapen pertsonal eta emozionalerako.
    Azkenik, Xaukena Xauk-ek aldarrikatu nahi duen beste alderdietako bat euskal aktoreek
    formatu berritzaile eta aukera berrien alde dugun irrika da. Nik eta inguruko aktoreak, ohikoa
    eta tradizionala ez den proposamenen aldeko apustu falta sumatzen dugu. Euskal Telebista
    Publikoan, adibidez, sukaldaritzako programak dira nagusi, eta, horren ondorioz, nire
    inguruan umorez «Euskal Sukalde Telebista» izenez ezagutzen dena sortzen da.
    Gaur egungo euskarazko programazioak gazteentzako zein helduentzako beharrezkoak eta
    baliotsuak diren edukiak eskaintzen baditu ere, argi dago ez dagoela publiko gazteagoa
    erakartzeko eta inplikatzeko moduko formatu berririk. Telebistako eskaintzaren aniztasun
    falta horrek 18 urtetik gorako gazteak beren interes eta gustuetara egokitzen diren euskarazko
    entretenimendurako aukerarik gabe uzten ditu.
    Xaukena Xauk bezalako formatuak ate berriak ireki diezazkieke euskal aktoreei, proiektu
    berritzaileetan eta hazkunde pertsonal eta profesionaleko proiektuetan lan egiteko aukera
    eskainiz. Gainera, horrelako edukiak sartzeak euskarazko ikus-entzunezkoen panorama
    aberasten lagunduko luke, entzuleei alternatiba fresko eta erakargarria eskainiz, gure
    kulturaren eta gizartearen aniztasuna eta sormena islatzeko.
  1. Plangintza eta Garapena
    Proiektu bati ekin aurretik, garrantzitsua iruditzen zait prozesu osoa gidatuko duten ardatz
    nagusiak argi edukitzea. Hasierako plangintza horrek egitura sendoa eta ikuspegi koherentea
    bermatzen ditu, proiektuaren garapen eraginkorra erraztuz.
    2.1. Ideia eta kontzeptualizazioa
    Podkastaren ideia planteatzean, nire nortasuna eta ikuspegia nolabait islatuko zituen formatu
    bat sortu nahi nuen. Nire asmoa, bizi dugun gaurkotasunaz eta errealitateaz kontziente den
    podkast bat garatzea zen, baina tonu serioegirik gabe. Umorezko ikuspegi bat nahi nuen,
    eduki arin baten itxurarekin, baina kritika eta seriotasun oinarri batekin. Gaurkotasun
    surrealistenari umorez eta «aurrera jarraitzeko» jarreraz helduko zion formatua sortzea zen
    helburua.
    Podkastaren izenbururako, programaren espirituarekin lotura zuzena izango zuen zerbait
    behar nuen. Izenburua pentsatzen ari nintzen momentuan, Oñatira joan behar izan nuen
    familia bazkari batera. Bertan, «xaukena xauk» esamoldea aipatu zen konbertsazio batean.
    Euskara batuaren hiztun gisa eta Donostiakoa izanik, esamoldea kontzeptu «exotikoa» iruditu
    zitzaidan. Hitz hauek nire buruan geratu ziren egun batzuetan, eta laster jakin nuen
    podkasterako izenburu ezin hobea zela.
    Esamoldearen inguruan gehiago jakin nahi nuen, eta handik egun batzuetara, Onintza Iruretak
    idatzitako Argia albiste-komunikabideko “Ia 400 noka hiztun zenbatu dituzte Oñatin” (2020)
    artikulua irakurri nuen. Bertan, “xaukena xauk” oñatiar gazteek “besterik ez zegok!”
    adierazteko erabiltzen dutela baieztatzen zen. Esamoldea ezaguna zitzaidan, Oñatitik kanpo
    ere erabiltzen delako. Artikuluaren arabera, esaera modan dago gaur egun.
    “Xaukena xauk” esamoldearen forma zuzena mutilentzat “dauena xauk» eta neskentzat
    “dauena xaun” zela aipatzen zuen artikuluak. Hala ere, nire podkastaren izenbururako
    Xaukena Xauk erabiltzea erabaki nuen, jendearen artean horrela zabaldu baita. Era berean,
    fonetikoki gehiago gustatzen zitzaidan. Neskak izendatzeko erabiltzen den termino ezaguna
    alde batera ez uzteko, hasierako sintonian «xaukena xaun» sartzea erabaki nuen.

    2.2. Ekoizpen Plana
    Baliabideak optimizatzeko eta kostuak minimizatzeko, nire etxea erabiltzea erabaki nuen
    podkastaren grabazioetarako leku nagusi gisa. Erabaki honek, ekoizpenarekin lotutako
    gastuak murrizteaz gain, logistika sinplifikatu zuen. Xaukena Xauk egin bitartean egindako
    kostu bakarrak, elkarrizketak egiteko estudioa sortzearekin eta programa girotzeko
    beharrezkoak diren atrezzo-materialak eskuratzearekin lotuta egon ziren.
    Podkasta editatzeko, probako bertsioak erabili edo gutxieneko tarifak ordaindu nituen
    beharrezko programengatik. Laburbilduz, Xaukena Xauk sortzeko grina eta desiratik sortzen
    da, baliabide mugatuekin baina kalitatearekiko erabateko konpromisoarekin.
  2. Gidoia eta egitura
    Xaukena Xauk saioaren sorkuntza-prozesua luzea eta zorrotza izan da. Hiru kapituluak
    prestatzeko hilabeteak eman ditut, guztira 40 minutuko edukia izan baita. Atal edo
    inprobisazio bakoitza, arretaz planifikatu eta egituratu da, entzuleentzat esperientzia
    entretenigarria bermatzeko. Segidan, zehatz-mehatz aztertuko ditugu Xaukena Xauk-en
    gidoigintza prozesua eta atal bakoitzaren atzean dagoen egitura. Era berean, hiru kapituluen
    gidoiak txostenaren amaieran daude eskuragarri (2. eranskina).
    3.1. Gidoien sorkuntza
    Gonbidatuen naturaltasuna funtsezko elementua da sortu dudan saioan. Programa
    inprobisazioan oinarritzen bada ere, arreta handiz prestatu behar izan dut. Mark Twain idazle
    eta umorista estatubatuarrak adierazi zuen bezala, “bat-bateko hitzaldi on baterako hiru aste
    baino gehiagoko prestakuntza behar da” (Jiménez Jiménez, 2021).
    Lehenik, parodia abestien hitzak idazten aritu nintzen. Asteak eman nituen musika mota
    guztiak entzuten, eta bitxia bada ere, abesti bakoitzak kapitulu bakoitzean landuko nuen gaia
    aukeratzen zuela sentitzen nuen. Behin abestiak eta gaiak aukeratuta, parodia hitzak lantzen
    hasi nintzen. Denok identifikatzeko moduko letrak sortzea zen nire helburua, hitz bakoitzaren
    balioa zehatz-mehatz zainduz. Gogoratzen errazak diren hitzen bila nenbilen. Prozesu hori
    luzea izan zen, eta idazten nuen bitartean, gonbidatuek izango zituzten ezaugarriak
    imajinatzen nituen.

    Hori amaitu ostean, elkarrizketak prestatzen hasi nintzen. Amaieran abestuko genuen
    abestiarekin lotura izango zuten galderak diseinatu nituen, programak koherentzia izan zezan.
    Abestia soilik entzuten duen edonor intrigatuta sentitzea zen asmoa, eta elkarrizketa osoa
    ikusi nahi izatea gonbidatutako pertsonaiarekin enpatia sentitzeko.
    Letrekin eta elkarrizketekin amaitu ondoren, hasierako bakarrizketak eta abestien
    aurkezpenak idatzi nituen. Hori izan zen prozesuaren alderdirik erraz eta dibertigarrienetako
    bat, nik esango nuena zuzenean idazten ari bainintzen, askatasun osoz. Programan
    inprobisatuko ez ziren zati bakarrenetakoak ziren.
    Azkenik, gidoiak sortzeari dagokionez, idatzita neukan guztiarekin eta buruan nituen
    ideiekin, pertsonaia bakoitzaren deskribapen zehatza egin nuen. Gonbidatutako aktoreei
    beren pertsonaiak antzezteko eta programaren koherentziari eusteko gutxieneko gidalerroak
    eman zizkien horrek.
    3.2. Kapituluen egitura
    Atal bakoitzaren egiturak eredu konstante bati jarraitzen dio, kapitulu bakoitzean aniztasuna
    eta freskotasuna eskaintzeko diseinatua. Gonbidatuak, gaiak eta abestiak aldatzen badira ere,
    egitura orokorra aldatu gabe mantentzen da, entzuleentzat esperientzia dinamikoa eta arina
    ziurtatuz.
    Hasteko, sarrerako bakarrizketa laburra dago, atalaren gai nagusia zehazten duena. Ondoren,
    kapituluari hasiera ofiziala ematen dion sintonia entzuten da, entzulea Xaukena Xauk-en giro
    paregabean murgilduz. Hori amaitu ostean, gonbidatua aurkeztu eta elkarrizketa
    erdi-inprobisatua hasten da. Aurkezleak galdera batzuk prest dituen arren, elkarrizketa
    bat-bateko erantzun eta sorpresekin egiten da, uneko fluxuari jarraituz.
    Saioaren amaieran, ziurrenik entzuleek gehien espero duten unea iristen da: abesti parodiaren
    aurkezpena. Momentu honek, landutako gaiaren ikuspegi umoretsu eta kritikoa eskaintzen
    du, entzumen-esperientziari ukitu berezi bat gehituz.

    Azaldutako kapituluen eskema, saioaren hasiera eta itxiera kontrolatzen saiatzen da,
    elkarrizketako edukian inprobisazio askeagoa ahalbidetzen duen bitartean. Horrek
    entzuleentzat produktu koherente eta erakargarria eskaintzen laguntzen du.
    3.3. Gaiak eta edukiak
    Xaukena Xauk saioaren atal bakoitzean, gizarteko gai desberdin bat aztertzen da. Gaien
    aldakortasun horrek aukera ugari eskaintzen dizkio podkastaren etorkizuneko
    programetarako, formatuaren luzetasuna eta freskotasuna ziurtatuz.
    Podkastaren lehen kapituluan, gazteek independizatzeko dugun erronka aztertu dugu.
    Xaukena Xauk-en estreinaldirako, Lorea Intxausti aktorea gonbidatu nuen «Carolina
    Etxeberria» papera antzeztera. Donostiar gazte honek, arropa denda batean egiten du lan,
    soldata apalarekin. Gurasoen etxetik joateko borrokan ari da, muga ekonomikoak direla eta.
    Elkarrizketan zehar, gai honi buruz duen ikuspegia eta «Jan nazazu Kontxa» mugimenduaren
    bidez aldaketa soziala bultzatzeko egin dituen ahaleginak eztabaidatu ditugu. Elkarrizketan
    ikus daitekeenez, Carolinak, hasiera batean «la comodona» atsegin gisa aurkeztuak, gazteek
    gaur egun dugun egoera zailaz ohartzean bere errebindikazio-alderdia erakusten du.
    Xaukena Xauk-en bigarren kapituluan, aro digitalean ligatzeko modu berriak aztertu ditugu.
    Atal honetan, Ander Lacalle aktoreak «Xabino Bergara»-ren papera antzeztu du. Gonbidatuak
    maitasunean aditua dela uste du, ligatzeko zailtasunak izan arren. Txikitatik, hitzorduen
    mundu birtualean murgildu da, Instagram eta Tinder bezalako aplikazioak erabiliz maitasuna
    aurkitzen saiatzeko. Hala ere, bigarren atal honetan, Xabinok euskaldunontzako sortu berri
    duen aplikazio esklusiboa aurkeztu du: «TXOT-App». Elkarrizketan zehar, gonbidatuak bere
    esperientziak eta hausnarketak partekatzen ditu, harreman modernoen konplexutasun eta
    erronkak erakutsiz, baita maitasun digitalaren jokoa aldatzeko duen erabakia ere.
    Podkastaren hirugarren kapituluan, sentsazionalismoaren eta albiste faltsuen munduan
    murgildu gara, pentsamendu kritiko egokirik gabe albisteak hedatzeko dugun erraztasuna
    aztertuz. Atal honetan, Markel Sainz aktorearen partaidetza izan dut, eta «Xiker Sagastume»
    pertsonaia antzeztu zuen. Xikerrek, gaztetatik gezurra esateko duen joerak markatutako
    gizabanakoak, sare sozialetan gezurrak zabaltzeko eta arreta lortzeko bitarteko bat aurkitu du.
    Iraganean esperientzia negatiboak izan dituen arren, Xikerrek jarraitzaileak bereganatzea
    lortu du, argitalpen biralak bere osperako plataforma bihurtuz. Bere portaera eztabaidagarria
    izan daitekeen arren eta erreakzio negatiboak eragin ditzakeen arren, gonbidatuak alde
    gizatiarragoa eta zaurgarriagoa ere erakusten du. Elkarrizketan zehar, Xikerrek albiste
    faltsuak zergatik zabaltzen dituen eta horrek egungo gizartean nola eragiten duen aztertuko
    dugu. Kapitulu honetan, dinamika sozial eta mediatiko garaikideei buruzko ikuspegi zorrotza
    eman nahi da.
    3.4. Abestiak
    Xaukena Xauk saioan, entzuleak ezagutzen dituen abestien hitzak bertsionatu eta aldatu nahi
    ditugu, kritika sozialeko ereserki bihurtzeko helburuarekin. Podkastean abestiei ematen zaien
    balioa nagusia dela eta, kapituluek abesti parodiatuaren izen bera dute.
    Lehenengo atalean, 2024an Eurovision Abesti Lehiaketan Espainia ordezkatu zuen Nebulosa
    taldearen “Zorra” abestia bertsionatu dugu, “Kontxa” izena harturik gure parodiak. Bigarren
    atalean, Counting Crows-en “Accidentally In Love” abestia hautatu dugu, Shrek filmeko
    bigarren zatiaren soinu-bandaren parte izateagatik ezaguna. Gure podkasteko parodia
    bertsioaren izena “Goizeko ordu bietan” da. Azkenik, hirugarren atalean, Mika-ren “Grace
    Kelly” abestiaren bertsioa egin dugu. Parodiak “Izan heldu” du izena, eta kapituluari ere
    izenburua ematen dio.
    Xaukena Xauk-en sintonia Elton John-en “I’m Still Standing” abestiaren azken zatia da,
    2016an estreinatutako ¡Canta! film musikalaren bertsioan. Abesti honek, bere melodia
    alaiarekin, podkastaren espiritua irudikatzen du: gaurkotasunaz jabetzea eta positibotasunez
    aurre egitea.
    Txostenaren amaieran, kapituluetako abesti guztiak daude eskuragarri (3. eranskina).
  3. Produkzio teknikoa
    Proiektuaren hasieran, ez nuen uste zeregin guztiak nire kabuz egin ahal izango nituenik:
    gidoiak sortu, abestiak grabatu eta editatu, estudioa prestatu eta bideoa editatu. Hala ere,
    Cubase 13, Audacity, Canva eta Adobe Premiere Pro 2024 tresnetan sakondu ditut nire
    ezagutzak. Ahalegin horri esker, Xaukena Xauk modu autonomoan sortu ahal izan dut.

    4.1. Erabilitako ekipamendua
    Xaukena Xauk-en abestiak grabatu eta editatzeko, Cubase 13 erabili nuen. Abesti bakoitza
    bakarka grabatu zen gonbidatu bakoitzarekin, eta, horri esker, ezagutza eta trebetasun berriak
    eskuratu ahal izan nituen prozesuan zehar. Gonbidatuen ahotsak grabatu ondoren, neure
    ahotsa eta gainerako koruak grabatu nituen. Ahots guztiak lortu ondoren, abestiak editatu
    nituen, erreberberazio eta konpresio efektuak gehituz. Era berean, programa osoa software
    hau erabiliz ere grabatu zen.
    Audacity izan zen podkastaren pieza guztiak batzeko erabili nuen softwarea, abestiak eta
    elkarrizketak barne. Editore hau hobeto ezagutzen nuenez, errazago konbinatu nituen
    podkasteko elementu guztiak. Entzumen-eduki guztia bateratua izan nuenean, bolumenak
    doitu nituen, azken emaitzan ahalik eta koherentzia handiena bermatzeko.
    Xaukena Xauk-en logoa erakusten duen sintoniaren bideoa sortzeko, Canva erabili nuen.
    Tresna honek programaren estiloarekin eta gaiarekin bat datorren eduki bisuala diseinatzeko
    aukera eman zidan.
    Adobe Premiere Pro 2024 erabili nuen podkastaren ekoizpenaren azken etapan bideo edizioa
    egiteko. «Kamera anitzeko edizioa» funtzioa erabiliz, modu eraginkorrean editatu ahal izan
    nituen filmatzean erabilitako planoak, aurkezlearena, gonbidatuarena eta plano orokorra
    barne.
    4.2. Grabazio-prozesua
    Grabazio-prozesua, gidoiak sortzeko prozesua bezala, lan zehatz eta geldoa izan zen.
    Xaukena Xauk-en ideia eta kontzeptua 2023ko abendutik aurrera hasi nintzen garatzen.
    Grabazio-prozesua, ordea, 2024ko martxoan hasi zen, gonbidatuekin abestien ahotsak
    grabatzen hasi nintzenean. Atal osoak, aldiz, bi egunetan grabatu ziren: 2024ko apirilaren
    25ean eta 26an.
    Bitxia bada ere, grabazio-ordena alderantzizkoa izan zen, gonbidatuen agendaren arabera.
    Apirilaren 25ean, goizean, hirugarren kapitulua grabatu zen Markel Sainzekin, eta
    arratsaldean bigarren kapitulua grabatu zen Ander Lacallerekin. Azkenik, 26 goizean
    Xaukena Xauk-en lehen kapitulua grabatu zen, Lorea Intxausti aktorearekin. Hori kasualitatez
    gertatu zen arren, onuragarria izan zen, lehen kapitulurako askoz erosoago sentitzen
    bainintzen.
    Kapitulu guztiak hartualdi bakarrean grabatu ziren. Bat-batekotasuna gertakarietan islatzea
    nahi zuen, eta, beraz, elkarrizketa errepikatzeak naturaltasuna galtzea eragingo zuen.
    Abestiak aldez aurretik grabatu eta galderak prest izateak, elkarrizketa modu arin eta gidatuan
    egitea lagundu zuen.
    Salbuespen bakarra “Kontxa”-ren bideoklipa izan zen, exekuzioan izandako arazo
    teknikoengatik errepikatu behar izan zena. Gainerako guztia denbora errealean grabatu zen,
    gertatu zen bezala.
    4.3. Edizioa eta postprodukzioa
    Elkarrizketa bat amaitzen nuen bakoitzean, audio eta bideo material guztia ordenagailura igo
    eta ondo gordetzen nuen. Xaukena Xauk eginez, edizioak edukiaren hobekuntzan izan
    dezakeen eragin esanguratsuaz ohartu naiz. Zuzenean bizi izandakoaren eta edizioaren
    ondoren aurkeztutakoaren arteko aldea nabarmena izan daiteke.
    Honelako programetan, non inprobisazioa garrantzitsua den, planoen aukeraketa on batek
    edukia nabarmen hobetu dezake. Bat-bateko barre-algarak edo ustekabeko erreakzioak,
    programaren ikusizko eta entzunezko narratiba hobetzeko erabil daitezke.
    Soinuari dagokionez, postprodukzioan, bai abestiek bai elkarrizketek nabarmen egin zuten
    hobera entzumen-kalitatean. Zortea izan nuen, eta kontu handiz ibili nintzen, audioaren eta
    bideoaren kalitatea ona izan zelako hasieratik. Egoera honek, dena azkar editatzeko aukera
    eman zidan, jatorrizko grabazioen kalitate handiari esker.

    Bibliografia
    Coello, I. (2022). Forbes. La fiebre del podcast: un negocio en femenino.
    https://forbes.es/forbes-women/140154/la-fiebre-del-podcast-un-negocio-en-femenino/
    Fernández, J. A. (2023). El País. “La generosidad en un escenario es fundamental”.
    https://elpais.com/cultura/talento-a-bordo/2023-10-17/la-generosidad-en-un-escenario-es-fun
    damental.html-
    Irureta, O. (2020). Argia. Ia 400 noka hiztun zenbatu dituzte Oñatin.
    https://www.argia.eus/argia-astekaria/2674/hitanoa-berreskuratzen
    Jiménez Jiménez, N. D. (2021). Linkedin. La improvisación perfecta, el resultado de la
    buena preparación.
    https://es.linkedin.com/pulse/la-improvisación-perfecta-el-resultado-de-buena-nhuna-daiana-j
    iménez

    Eranskina
  • 1. eranskina: Xaukena Xauk podkastaren 3 kapituluak:
    https://drive.google.com/drive/folders/1s-bp2UMApVBElOLjYiOo6ZsPs4NQKNzD?usp=sh
    are_link
  • 2. eranskina: Xaukena Xauk podkastaren gidoiak:
    https://drive.google.com/drive/folders/1YH-cqEt2LSetWpNiAFSenVrDzvReV7T5?usp=shar
    e_link
  • 3. eranskina: Xaukena Xauk podkastaren abestiak:
    https://drive.google.com/drive/folders/1REtl-xRLM4n58GcK8osYuFV_iwmOpgVc?usp=sha
    re_link