Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Kazetaritza eredugarriaren maisua                            

 Por Elixabete Garmendia Lasa

Azalean neorrealismo italiarra gogorarazten duen argazkia: lehen planoan udaltzain bat, gorbata, gorro-plato eta guzti, harridurazko begirada ikusten ez dugun puntu batera zuzenduta. Haren eskuinetara bi mutiko, besoak gurutzatuta, elkarri zerbait esaten. Mutikoen alboan Mariano Ferrer kazetaria (Donostia, 1939-2019), harrizko zutabearen kontra bermatuta, besoak gurutzatuta bera ere. Haren begirada, ordea, besteen kontrako norabidean galtzen da; hausnarrean dabilela sumatzen zaio kazetariari. Donostiako Konstituzio plazan kokatzen da eszena; ez dakigu zer gertatu zen han, auskalo! Jantziek-eta adierazten dute 70eko hamarkadakoa izango dela argazkia.

Portada iradokitzaile horrek zabaltzen du Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) liburua. Izan ere, 2022ko ekainaren 22an eta 23an Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan –eta Txemi Apaolaza irakaslearen zuzendaritzapean– Mariano Ferrerren kazetaritzari eskaini zitzaion ikastaroaren edukiak jasotzen ditu.  

Batetik, ponentzia akademikoak daude. Horien egileak dira Pilar Rodríguez, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, eta Txema Ramírez de la Piscina, Ramon Zallo eta Pedro Ibarra, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ohiak. Rodríguezek eta Ramírez de la Piscinak Mariano Ferrerren kazetaritza metodoa azaltzen dute, bakoitzak bere aldetik. Zallok eta Ibarrak, berriz, Mariano Ferrer analista politiko gisa aztertzen dute. 

Beste ponentzia mota batzuk ere badaude, Mariano Ferrer kazetariari baino gehiago haren alderdi pertsonalari heltzen diotenak. Horrela, Karlos Ordoñezek Mariano Ferrer ekintzailea aurkezten du, zehazki SOS Racismo-rekin kolaboratzen. Martxelo Otamendik Ferrerren sendotasuna eta sinesgarritasuna azpimarratzen ditu. Bernardo Atxagak, estilo literarioan, Mariano Ferrerren erretratua marrazten du, haren ahotsetik abiatuta.

Mahai-inguruak ere egin ziren EHUko ikastaroan. Pilar Kaltzadak zuzendutakoan, Leire Iturregik, Imanol Muruak eta Txema Ramírez de la Piscinak parte hartu zuten; Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle hauek Mariano Ferrerren garaitik gaur egunera arte kazetaritzak izan duen bilakaeraren analisia egiten dute.

Bukatu ere, beste mahai-inguru batekin bukatu zen ikastaroa. Eta han proposamen hau bota zuen Martxelo Otamendik: Mariano Ferrerren biografia idatzi beharra dagoela. Biografia osoa ez, baina Marianori buruzko apunte biografikoak badaude liburuaren hasieran, Sabino Ormazabalek jasota. Liburuaren amaieran, berriz, epilogo modura, Zallok eta Ibarrak egindako beste idatzi bat ere badator: Mariano for ever, mamitsua benetan.

Osotara, zer dakar liburu honek? Ba alde batetik kazetaritza eskoletarako material bikaina, eta bestetik publiko zabalarentzat irakurgai interesgarriak, batez ere herri honetako historia sozio-politikoaren baitan; publiko horren artean egongo dira, jakina, Mariano Ferrerrek Donostiako Herri Irratitik aireratzen zuen El kiosko de la Rosi izeneko irratsaio mitikoa jarraitzen zutenak.