Maite Asensio Lozano, BERRIAko kazetaria
BERRIA egunkariak Emakunderen Berdintasun Saria jaso berri du, ‘Pikara’ aldizkariarekin eta Lucia Martinez Odriozola EHUko irakaslearekin batera. BERRIAko langileontzat oso pozgarria izan da aitortza hau jasotzea, eta aurrerantzean ohore handia izango da saria jaso dutenen zerrendan egotea hain maiteak eta miretsiak ditugun eragile feministen alboan, hala nola Cony Carranza eta Teresa del Valle, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Irungo eta Hondarribiko alarde parekideak, Askabide elkartea eta Lilatoia.
Gure ustez, oso garrantzitsua izan da sari hau euskarazko hedabide bati ematea, eta, horregatik, maiatzaren 9an, saria emateko ekitaldian, BERRIAko kideon lehenengo esker on mezua epaimahaiarentzat eta Emakunderentzat izan zen, euskarazko kazetaritzari prestigioa emateagatik. Izan ere, hizkuntzaren auzia esanguratsua da oraindik: ezin dugu ahaztu euskara hizkuntza gutxitu bat dela, minorizatua, eta, hortaz, hizkuntza horretan aritzen garenok ere prestigio txikiagoa dugula. BERRIAn askotan sentitu dugu gure erakunde publikoek ere txiki sentiarazten gaituztela, gure lana bigarren mailakoa balitz bezala; beraz, sari honek adierazi digu gure lana ere inportantea dela.
BERRIAk aspaldi egin zuen bere edukietan eta funtzionamenduan genero ikuspegia txertatzearen aldeko apustua, eta bide beretik jo dute euskaraz diharduten beste hainbat hedabidek; haiei ere eman nahi genieke sari honek dakarren aitortza. Aurrerapauso asko egin baititugu. Baliabide gutxiago eta aitortza sozial txikiagoa izan arren, lortu dugu feminismoa euskaraz jorratzea, hainbat eztabaida eta hausnarketa mahai gainean jartzea, eta gure inguruko iruditeria sozial eta politiko batzuk eraldatzen hastea; eta hori da komunikabideon helburu nagusietako bat. Sinetsi eta aldarrikatu beharrean gaude: kazetaritza feminista kalitatezko kazetaritza da, eta guk kalitatezko kazetaritza egiten dugu euskaraz.
Ideia hori, kazetaritza feminista kazetaritza ona dela, mundua hobeto azaltzeko eta ulertzeko ezinbestekoa dela, hain justu, ‘Pikara’-ko lagunekin eta Lucia Martinez Odriozolarekin batera ikasi genuen askok. Haiei ere, zorionak eta eskerrak: elkarrekin eta elkarrengandik ikasitakoek demostratzen dute hedabideen arteko lehia gaindi dezakegula feministok elkarrekin hausnartzeko. BERRIAn zorretan gaude, era berean, mugimendu feministarekin: haiek dira gure inspirazio eta gogoeta iturri, gure iparrorratz eta bidelagun, gure babesleku eta kritikari. Segi dezagun elkar elikatzen.
Hain zuzen, ahizpatasunaz mintzatu zaigu mugimendu feminista azken urteetan, eta, horren harira, BERRIAko lankide bati eskaini diogu Emakunderen Berdintasun saria: Nora Arbelbide Lete kazetariari. Frantziako gizonezko kazetari batek egindako sexu erasoa salatu zuen Norak, beste hainbat emakumerekin batera, eta, azken asteetan jakin denez, kontrasalaketa jaso dute bueltan Norak eta beste hainbatek. Egoera horren aurrean, BERRIAko langileok argi adierazi nahi dugu: Nora, guk sinesten dizugu.
Azkenik, gure etxe barrura begira, nabarmendu nahi dugu sari hau ez dela soilik BERRIArena, eta ez dela soilik kazetariena edo erreportaje jakin batzuen egileena, baizik eta denona, ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren garaitik feminismoa landu eta txertatu duten lankide guztiena. Kazetaritza talde lana da, eta BERRIAn talde handi bat dugu ikuspegi feminista nola txertatu hausnartzen, bai erredakzioan, bai diseinuan, bai hizkuntzaren erabileran, bai marketinean, bai antolakuntzan. Gurea apustu kolektibo bat izan da; apurka joan gara kontzientzia hartzen eta ikasten, eta egun esan dezakegu konpromiso irmoa dugula indarkeria matxistaren eta emakumeen diskriminazioaren aurka: argi dugu giza eskubideen aurkako erasoak direla, eta ikuspegi horretatik jorratu behar ditugula.
Beraz, eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu BERRIAn eta ‘Euskaldunon Egunkaria’-n feminismoa egin duten lankideei. Duela 30 urte bidea urratzen eta oinarriak jartzen hasi ziren emakume indartsu haiei, lan itunean feminismoa txertatu zutenei, egun bezain erraza ez zen garaietan eztabaida deserosoak planteatu zituztenei, emakumeei hitza ematen tematu direnei, estilo liburuan berdintasuna arau bihurtu dutenei, erreportaje edo elkarrizketa proposamen ausartak egin dituztenei eta proposamen horiei konfiantza adierazi dietenei, greba feministak bultzatu zituztenei, berdintasun batzordean egiturazko aldaketak sustatzen ari direnei… Gauza eder asko egin ditugu, akats batzuk ere bai, baina ezin gara geratu bertan goxo: bidea egiten jarraitu behar dugu, egunez egun BERRIA feminista eraikitzen eta sendotzen.