Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Mariano Ferrer, maisu jakintsu bezain apala

Por Josebe Ormazuri, Herri Irratiko langile ohia

Mariano Ferrer  kazetari handiarekin lan egiteko aukera paregabea izan nuen kazetaritza ikasketak amaitu berritan.  

1988-1989 ikasturtean El Kiosko de la Rosi saioa famatuaz gain goizeko programa bat gidatu zuen Marianok Herri irratian eta bertan aritu nintzen, beste batzuekin batera, berarekin lanean.

Herri irratian lan egin nuen garai horretan primerako gidaria gertatu zen niretzat Mariano Ferrer. Izen handiko kazetaria izan arren ez zen presioa egiten zuenetarikoa. Lanean saiatzea zen berak eskatzen zuena, gure esku zegoen guztia egitea, ez gehiago. Helburua lortu ala ez, erantzuna jaso arte saiatzea zen eskakizuna. Eta bilaketarako trebatzea. Gauzak buruz jakiteari baino balio gehiago ematen zion bilatzen jakiteko ahalduntzeari.

Hurrengo ikasturtean ETBn “Sin permiso” gidatzeko gonbidapena jaso zuen Mariano Ferrerek eta berarekin joan nintzen telebistara saioa burutzen laguntzera.

Telebistako urteaz, aldiz, lanerako  konfiantza eta askatasuna aipatuko nituzke. Saioa bere erantzukizuna izan arren bertan lanean ari ginenoi, batzuk oso gazteak ginen, erabateko askatasuna eta babesa ematen jakin zuen Marianok. Konfiantza jarri zuen guregan eta hori betetzen zuen saioz saio.  Berdinetik berdinerako tratua ematen zuen Marianok, guk esaten genuena kontuan hartzen zuen. Gizon jakintsua bezain apala zen.

Hamaika anekdota kontatuko nituzke “Sin permiso” programaren inguruan gertatutakoez baina guztien gainetik emandako konfiantza eta askatasuna aipatuko nituzke.

Urte gutxi izan ziren baina oso intentsoak eta asko ikasteko aukera eman zidan; niretzat opari bat izan zen. Gure lankide-harremana amaitu zenean lagun bezala elkartzen jarraitu genuen hil zen arte. Pribilegio handi bat.