Embarka Brahim Bumajrutaren begirada xamur bezain zorrotzak arreta deitzen du. Fronte Polisarioko sortzaileetako bat izan zenak haima bat dauka atzean, sahararren identitate ikur nagusia, eta erbestetik, klandestinitaten sortu zen askapen mugimendu nazionalaren lehen urteak aletzen ditu. Sahara, herri bat erresistentzian liburuaren azaleko argazkian agertzen den emakumearen bizitzaren bidez herri oso batena kontatu daiteke.
Saharari buruz euskaraz idatzitako lehen liburua, berez, kazetaritza kronika bat da, arnas luzeko kazetaritza. Kristina Berasain kazetariak modu erraz bezain sakonean kontatzen du ahanzturara kondenatutako herri honen borroka, bertatik bertara, sahararren kontakizunak eta lekukotzak historiako pasarteekin tartekatuta. Testigantzaz testigantza, isilarazitako eta ahaztutako gatazkara gerturatzen gaitu kazetariak: “Mendebaldeko Saharako historia sahararren historien bidez harilkatu eta argazki bat egiten saiatu naiz, iraganetik gaur egun arteko panoramika egiten”.
Liburu guztiak bidaia bat dira, eta hau ere, horixe da; herri baten historiatik abiatuta, gaur egun arteko bidaia bat, ez baitugu ahaztu behar hamasei urteko gerraren ostean, eta ia hiru hamarkadako su-etenaren ostean, sahararrek berriz ere armak hartu dituztela. ’Sahara, herri bat erresistentzian’, dena den, ez da historia liburu huts bat, edo geopolitika liburu huts bat, nomada izandako herri honi ertz ezberdinetatik begiratu dio Berasainek: «Lurralde okupatuetako eta kanpalekuetako sahararrak gerraz, exodoaz, errepresioaz, heriotzaz eta erbesteaz mintzo dira, baina, etengabe geratzen da agerian munduari begiratzeko duten modu propioa, behinolatik datorren bizimodu nomada horren lekuko. Saharar herriak nortasunari, duintasunari eta erresistentziari eusten die, eta ezeren gainetik, erresistentzian ari den herria da”.
Kristina Berasain (Lizarra, Nafarroa, 1973) Berria egunkariko nazioartea saileko arduraduna izan da urte luzez. Ahaztutako gatazketan eta giza eskubideetan espezializatutako kazetaria da. Egunkariak sarritan bidali izan du leku gatazkatsuetara: Gaza, Riff, Egipto, Maroko, Ceuta eta Melilla… Hegoaldera eta ekialdera bidaiatzeko joera izan du, eta beti erreparatu dio herri ahaztuei: palestinarrak, kurduak, amazigak, errefuxiatuak, baina bereziki, sahararekin dago kateatuta. Sahararrak banatuta dauden hiru eremuetan izandako kazetari banaketakoa da: lurralde okupatuetan, lurralde liberatuetan eta errefuxiatu gunetan izan da.
Berria, Elkar eta Jakinek elkarlanean argitaratzen duten Aleka bildumaren hamahirugarren liburua da honakoa. Berasainek 2024ko Argia Saria jaso du liburuarengatik, prentsa idatziaren alorrean.