Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Asociación Vasca de periodistas - Colegio Vasco de periodistas

Bertsolaritzak kultura ondare immaterialaren izendapena lortu du Frantzian

Por Idoia Alberdi Etxaniz vía EITB MEDIA

Frantziako Kultura Ministerioak kultura ondare immaterialen katalogoan sartu du bertsolaritza. “Urtetako lanari egindako aitortza gisa” hartu du izendapena Bertsularien Lagunak elkarteak.

Frantziako Gobernuak Kultur Intereseko Ondasun izendatu du bertsolaritza, ondare materiagabekoaren kategorian. Hala jakinarazi du Bertsularien Lagunak elkarteak — Bertsozale Elkartearen kide den elkartea—, hedabideetara zabaldutako ohar bidez. Bertan, Ainhoa Elizondo elkarteko ordezkariak azaldu duenez, “duen garrantzia eman behar zaio izendapenari, ez gehiago eta ez gutxiago: bertsolaritza mugimendu bizia da gaur egun, herriz herri eragile, sortzaile eta pertsona askok egindako lanari esker urtetako lanari egindako aitortza gisa hartu behar dugu izendapena”.

“120 bat bertso saio edo ekimen antolatzen dira urtero Ipar Euskal Herrian, adin guztietako 45 bat bertsolari daude, 70 talde daude hezkuntza arautuan, ikastola zein eskola elebidunetan, eta 250 ikaslek izena eman dute bertso eskoletan”, azaldu du.

Pasa den udaberrian aurkeztu zuen ondare immaterial izendatzeko eskaera Bertsularien Lagunak elkarteak Frantziako Kultura ministerioan, Beñat Iturralde Agirre antropologoak eta Thaïs Boukellak egindako ikerketa baten bidez. Asteon iritsi zaie baiezko erantzuna, eta pozik hartu dute albistea. Halere, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Iturraldek aitortu du “aurreikusten” zutela izendapena, behin txostena aurkeztu ondoren. Horren hitzetan,”bertsolaritza bada disziplina bat ondare immaterial izendatzeko ezaugarrietara guztiz egokitzen dena”.

Prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu antropologoak: “aurrena, sustengua bilatzea izan zen garrantzitsuena, komunitate bat jarri behar da martxan. Bertsularien Lagunak eta Bertsozale Elkarteaz gain, kulturaren alorreko beste eragileen laguntza behar da. Behin hori lortuta, txostena prestatu genuen. Kontuan hartu behar genuen bertsolaritza zer den ez dakien bati azaldu behar geniola dena; deskribapena, historia, transmisioa, komunitatea… eta, bereziki, bizi izaera. Azken hori da ezinbestekoa. Hain hizkuntza zaharrean oraindik bizirik mantentzen den praktika bat izatea, bizirik jaraitzea”.

Halaber, “Bertsularien Lagunak elkarteak azken urteotan egindako lanari aitortza” gisa ikusten du Iturraldek ere izendapena. “Horri esker, erraza izan da”, gehitu du.

Ikerketa lana egiteko, lantalde zabal baten laguntza izan du. Besteak beste, Fabien Van Geert Parisko Sorbonne Nouvelle Unibertsitateko eta Terexa Lekunberri Euskal Kultur Erakundeko antropologoak aritu dira arduradun zientifiko lanetan, eta baita inauteri eta euskal tradizioetan aditu den Thierry Truffaut ere. Xenpelar Dokumentazio Zentroko kideak ere ezinbestekoak izan dira lana burutzeko.

Azken izendapen honekin, bi katalogotan dago bertsolaritza ondare materiagabeko gisa aitortua: 2018an Nafarroako Gobernuak izendatu zuen Kultur Intereseko Ondasun bertsolaritza, ondare immaterialen atalean. Eusko Jaurlaritzan ere eskaria egina du Bertsozale Elkarteak, eta prozesua abian da.