Ekitaldia martxoaren 9ko arratsaldean ospatu zen BBK Kuna gunean eta jende ugari bildu zen
BBK Kunaren hirugarren solairua bete egin zen atzo Bilbon, KEEk eta EKEk antolatutako «Isiltasuna hautsi… Elizan» mahai-ingurura joateko. Hizlarien artean, bide telematikoz zein aurrez aurre, eliz komunitateko kideak zeuden, hala nola Sor Lucía Caram moja domingotar ezaguna, Luis Rodríguez parroko galiziarra edota Jesús Martínez Gordo apaiz eta teologian doktorea eta, beste aldetik, Iñigo Domínguez El País egunkariko kazetaria, SER Kateako eta Radio Bilbaoko Isabel León kazetariak moderatuta.
Ekitaldian El País egunkariak abusu kasu ezberdinei buruz egin zuen ikerketa lana jorratu zen eta Espainiako Elizaren lankidetza eza agerian jarri zen. Egoera horren aurrean, “gotzainek artxiboak irekitzeko eta benetan zenbat pertsona izan diren biktima jakiteko presioa egin behar da”, adierazi zuen Sor Lucia Caramek.
Frantzisko Aita Santua aipatua izan zen behin baino gehiagotan, eta Iñigo Dominguezen arabera, kasuak ikertzearen alde agertu zen, baina, Luís Rodríguez parrokoak gehitu zuen norbaiten alde egin beharko duela “paper bustian gera ez dadin”.
Solasaldia ez zen soilik Estatu espainiarreko adingabeen aurkako abusuen kasuetan zentratu, Jesus Martinez Gordo teologoak Alemanian eta Frantziako Errepublikan horrelako salaketei buruz egin den ikerketa ere aipatu baitzuen.
Hau izan da EKEk eta KEEk urtarrilean Zuzendaritza Batzordea aldatu zutenetik egiten duten lehen ekitaldia.